Santa Luzia eliza da Galartzako bizitzaren hezurkia. Etxea xumea da, nabe bakarrekoa eta erdi-kainoiko gangaduna, nerbadura ederrarekin. Mentsulen apaingarria bolena, loreduna eta hostoduna da. Portada gotiko interesgarria zeharkatuaz bertaratzen da.
Sortzez, inguruko beste hainbat baselizaren antzera eraikuntza xumea behar zuen izan. Erdi Aroko garaitik absideko hormetan leiho zorrotz bat gorde da. Egungo eraikuntzak XVIII. mendekoa dirudi. Erdi-puntuko arkuak dira nagusi bai arkupean bai gangetan, eta hauek erdikainoikoak dira.
Halaber Juana-Etxekoa baserriak atentzioa deitzen du, dituen ezaugarri arkitektonikoengatik, Erdi Aroan kokatu daitezkenak. Aipatzekoa da Juanaetxekoa hitza Juan-Ochokoa hitzetik datorrela, Juan Ochoa de Ascarretzabalen jabetza dena.
Azpimarratzekoa da Arkarazo dorretxea, gaur egun baserri bihurtua. Etxetzar karratua eta trinkoa, zatika eritsia segidako berreraikuntzetan. Arkarazoen armarri bikaina mantentzen du. Pieza zoragarria da, harrian eginda, ertzean oxkar eta girnaldak dituelarik.
Armarriak sutan dagoen etxea azaltzen du. Leinuaren askatasuna eta oinetxearen erreketa irudikatzen ditu; familiako buruak Oñatiko Jaunarekin erabateko desadostasuna azalduaz, erregeak Lenizgo ibarraren gainean guztizko ahalmena eman baitzion, etxeari su eman eta Arrasaten bertakotu zen.
San Millan eliza muino baten gainean kokatzen da, txikia da eta ondoan abadetxea du multzo polita osatuz. Aldare nagusia, egur ilunean landua, barroko-amorratuko estikoa da.
Eliza honek badu ezaugarri interesgarririk, arku zorrotzeko portada esate baterako. Arkupetik, frontoi gisara ere erabiltzen dena, Apotzaga eta Urkuluko urtegiaren ikuspegi hobezina hartzen da. Harri polikromatuzko sagrarioa eta eskuak garbitzeko ontzia du sakristian.
Eraikuntza zibilen artean Ardantza etxea dugu, 1660. urtean berreraikia izan zena eta armarri polit bat duena bere aurrealdean.
Multzoa ermitak eta fatxada nagusira atxikitako hilerriak osatzen dute; harlangaitzezko horma batek inguratzen ditu, sarrerak gurutze bat buruan duela. Ermitaren teilatu zati batek egurrezko habeak ditu, gainerakoa kareztatua dago. Aurrean San Bizenteren irudia. Meza eta erromeria urtarrilaren 22an izaten dira eta inguruko herritarrak joaten dira. 1556ko dokumentazioan agertzen da.