Gangak zutabe antzeko agurboildun paldoen gainean daude, otso-hortzez apainduta,dauden oinarri kubikoak bailira, eta tertzeletezkoak dira, habearte nagusiaren hiru zuinetan estekak eta alboko habearteetan zortzialdeko gurutzeriak dituztenak. Baliteke Zumarragako Antiguako elizaren antzeko korua izatea, paldo batzuk egitura horri eusteko kaxak dituztelako baina, dirudienez, denbora gutxi iraun zuen eta horren lekuko Francisco de Aguirrek 1627an habeartearen atzealdean eraiki zuen tranga landudun tribuna klasizista dugu.
Jatorriz, eraikinaren oin-planoa errektangeluarra zen, baina 1635ean Martin de Balanzategi maisuak eta Martin de Leybar harginak eliza zabaltzeko agindua jaso zuten eta orduan abside lauangeluarra gehitu zitzaion eraikinari; abside horrek aldarearen azpian erdilurperatuta dagoen sakristia dauka (1) eta, mimetismoagatik edo, Balanzateguik esparru hori tertzeletezko zurezko ganga batez estali zuen, nahiz eta luzetarako estekak jartzea ahaztu.
Elizaren barrutik eranskinak ondo integratuta dagoela ematen du, baina gainean tokiko arotziaren tekniken bilakaera adierazten duten betearazpen mailako hamaika desberdintasun antzeman daitezke. Besteak beste, oholtza oso ondo mihiztatuta dago ganga zaharretan eta berrian, ordea, bata bestearen ondoan jarrita baino ez.
Zutabeen gainean gainaldearen goiarei eusten dioten paldoak daude, baita zeharkako habe frontalak ere, mutil-txikien bidez teilatuaren gailurrari eusten diotenak.