cabecera_03.jpg

Debagoiena Baserri Sarea

Una forma de vida

Jaunaren Igokundearen eta San Migel Goiangeruaren Ermita

Mendian Jaunaren Igokundeari eta San Migel Goi-aingeruari eskainitako ermita dago antzina-antzinatik.1050ean Don Sancho izeneko norbaitek Bergarako Haritzetako San Migel Monasterioan zituen lur batzuk Aragoiko San Juan de la Peña Monasterioari eman zizkion dohaintzan. Horixe da dokumentuetan ermitaren inguruan aipatzen den lehen berria.

Ermitak etxetxo bat (ermita zaintzen zuten Andreak bizi ziren bertan) eta soroak zituen, baina desamortizazio-legeen ondorioz lurrak saldu egin behar izan zituzten.

Ermita tontorrean dago, Haritzeta baserriaren ondoan (inguruak baserriaren izena hartu zuen). Lehen monasterioa izan zen, hau da, landa-parrokiaren funtzioak betetzen zituen ermitaren parekoa. Zehaztasunak zehaztasun, ez zen gaurko komentuen modukoa, patronatu laikoa baizik.

Hainbat aldiz berriztatu dute. Jatorrizko egituratik geratzen den bakarra gurutze-gangadun absidea da; beste osagai guztiak geroagokoak dira. Apaindura gutxiko landa-ermita da eta gurutze latindar erako oina dauka. Gurutzeduraren eta alboen gainean ertz-gangak daude. Ermitaren azpialdean arkupe zabala dago. Dirudienez, korua hantxe zegoen lehen. Absidean San Migelen irudia, Gure Jaunaren Igokundearen irudia duen erretaulatxoa eta Santuaren domina handia daude.

Aspaldi, "Errosene" gaitza (bularreko umeei buruan ateratzen zitzaien zarakarra) sendatzeko eskatzera joaten omen ziren fededunak ermitara.

Ustez, Zaldun Tenplarioek ere Ordenako ospakizunak bertan egiten zituzten: ez dakigu uste ustela den ala ez, gaur egun horrelako kontuetan ez da sinisten eta. Baina beste datu hau ziur-ziurra da: San Migel ermitak makina bat ezbehar jasan ditu:

  • Gerra-garaietan behin baino gehiagotan suntsitu dute.
  • Tximistek jo eta txikituta geratu izan da.
  • Sarri erortzeko zorian ere egon da, abandonatu eta profanatu egin dutelako.

Horrenbeste gorabehera gertatu ondoen normalena arrastorik ere ez geratzea izango litzateke, baina arazoak arazo, ermita zutik dago oraindik, dotore eta harro.

Umetan, San Migeleko kanpaiak entzuten genituenean etxera joaten ginen, arineketan, babestera, ekaitza iragartzen zuten eta. Ondorioz, San Pedro eta Santa Marina parrokien arkupeetan "gaitzak uxatzeko" konjuruak egiten zituzten.

Kanpaiak orain dela gutxira arte erabili dituzte berriak hedatzeko. Adibidez, 1916ko uztailaren 24an Bergarako Udalak nekazariei eguraldiaren pronostikoaren berri emateko kanpaiak erabiltzea erabaki zuten. Pronostikoa Igeldoko (Donostian) behatokian egin ohi zuten eta, lehenbizi, probintziako Telefono Zentralari jakinarazten zioten.

Bergarar asko eta asko baserrietan bizi zirenez, argi dago eguraldiaren berri emateko baliabide errazak erabiltzen zituztela. Baina baliabide horiek konplexuak ere baziren aldi berean, zeren eta elementu guztiak lotzeak lana ematen baitzuen.

adr_logo

Deba Garaia LGE
Urteaga, 21
20570 Bergara • Gipuzkoa
Tel.: 943 76 25 47 • Fax: 943 76 02 94
info@baserrisarea.com


Kolaboratzaileak

ejgfamancomunidad

Deba Garaia LGE

Gema Arrugaeta (Argazki Artistikoak)