Oin angeluzuzena, ekialdetik mendebalderako orientazioa (E-W), isurki biko estalkia eta galdurra fatxadarekiko perpendikularra ditu. Eraikinaren behe aldeko herena silarrixkaz egina dago eta gainontzekoa harlangaitzez. Eskantzuak harlanduz eginak daude. Eraikina ia itsua da. Fatxada nagusian dago sarbidea dobela itxurako ojibazko arku baten pean, inposta-lerroa baxua da, giltzarria du, zortzi dobela eta harlanduzko janbak. Horrez gain honako bao hauek ditu: Ipar aldeko altxaeran gezileiho bat, gaur egun itxita dagoena, eta bao dinteldu bat. Hegoaldeko fatxadan ere aipatu berria denaren antzerako bao dintelduna du.
Baseliza gotiko berantiarrekoa da, nabe bakarrekoa, burualde laua du. Korreadun armaduraz estalia dago eta solairuaren zati handia okupatzen duen korua du; koruaren aurre aldea ohol matxinbratuz egina dago eta berari eusten zentratutako poste bakarra du.
Presbiterioa egur gordinez estaliz apainduta dago, eta burualdeko murruaren zati bat ere horrela estalita dago. Aldarea kanoi erdiko gangatilak estaltzen du; gangatila korrea kurbatudunez egina dago eta beren gainean pintatu gabeko egur bistatuz egindako ohol matxinbratuak dituzte, aipatutako guztia estalkitik eskegita eta alboetako murruetan apoiatuta dago, hauts babesle gisa jarrita, aldarea modu egokian babesteko moduan. Garaipen arkua arku txikiz eta merloiez jantzitako guardamalleta batek apaintzen du, atzeko hormako taula-erregistroetako junturak estaltzen dituzten oholtxo almenatuen antzekoa dena.
Akaberak egiteko materialak direla eta, aparejua entokatua eta kareztatua da, zorua tamaina handiko kare-harrizko lauzaz estalia dago. Arotzeriako elementu guztiak bistan uzten dira inolako tratamendurik gabe.