Artazubiaga baserriaren parean ezkerretara hartuz, Magalbe baserriaren aztarnak ikus genitzazke bakarrik, 1.940an sute batek kiskali baitzuen. Dirudienez, Magalbe baserria Bedoñako baserri onena ez ezik, inguruetako onena ere bazen. Bertako azken biztanlea Alejandro Iturbe Arana izan zen, “Malbe” ezizenez ezaguna, eta ospetsua izan zen bizitzeko eta gauzak ulertzeko zuen moduagatik. "Urak eta Larreak libre" zen bere lema nagusia eta horren ondorioz, hamaika auzitan sartuta egon zen. Gizon argia, nortasun eta bihotz handikoa, bere indarragatik eta gehiegikeriengatik zen ezaguna. Baserriaren inguruan daude oraindik ere, berak harlauza handiekin egindako itxitura bitxiak.