"Herri osoa, museo bat". Horrelaxe aurkezten du bere burua Eskoriatzak. Txikia izan arren, bat egiten dute bertan Ibarraundi jauregiko museoak herriko zazpi elizateetako baserri, baseliza, parrokia eta gune naturalekin.
Gipuzkoako hego-ekialdeko muturrean, Aretxabaleta eta Leintz-Gatzagaren artean, herria osatzen duten zazpi elizateen kontura da, besteak beste, oso erakargarria Eskoriatza. Ingurune naturalean kokatutako zazpi auzo txiki horiek guztiz egokiak dira Gipuzkoak berezkoa duen landa-giroan murgiltzeko. Garai batean, independenteak ziren elizateak. Horren ondorioz, gaur egun ere bakoitzak bere nortasunari eusten dio, eta guztietan dago zer ikusi. Aizkorriko Parke Natural betean dagoen Bolibarren, esaterako, Axtroki eta Aitzorrotz inguruetara egin daiteke txangoa, edota Kurutzebarriko monumentu megalitikoak bisitatu. Apotzagan hilerri biribila ikusi behar da. Jasokundearen Andre Mariaren parrokia erromanikoa, berriz, Gellaon dago, eta Zarimutz elizateko San Pedro parrokian Erdi Aroko aztarnak antzeman daitezke oraindik. Bista bikainak ez ezik, San Joan Txiki baseliza txikia ere aurkituko dugu Mendiolan. Erdi Aroko sarkofago bat duen San Bartolome baseliza Mazmelan dago, eta errota bat ere badu ibai ertzean elizate horrek. Marinen, azkenik, Isasi baserriko sukaldea aipa daiteke. Hirigunean, ezinbesteko bisita da Ibarraundi jauregia, bertara eraman baitute berriki garai bateko Eskola Museoa. Museo bitxi horretan, historiaurretik aro digitaleraino doan bide luzean giza-emakumeek izan duten bilakaeraren lekuko izan gaitezke.
Mugak: hegoaldetik Leintz-Gatzaga eta Araba, ekialdetik Aretxabaleta eta mendebaldetik Araba.
Herriko sektorerik indartsuena bigarren sektorea da.
Azalera: 40,41 km2
Herrigunearen altitudea: 279 m
ESKORIATZAKO UDALA
Fernando Eskoriatza Plaza z/g
20.540 Eskoriatza (Gipuzkoa)
T.: 943 71 44 07
www.eskoriatza.net