Hirigunetik kanpo dago Aretxabaletako tokirik ederrena: Urkuluko urtegia inguratzen duen pasealekua.
Garai batean Eskoriatza eta Leintz-Gatzagarekin bat eginik egon zen Aretxabaleta. Hiru herriok Gipuzkoaren hego-ekialdeko muturrean daude, Deba ibaiaren goiko arroan. Atxabaldar gehienak hirigunean bizi dira, eta bertan daude eraikin historikoak eta industriak. Bederatzi elizate txiki ere baditu, ordea, Aretxabaletak; bakoitzak du bere parrokia eta, hainbat kasutan, baita dorretxe bikainak ere.
Arratabe eta Otalora jauregiak nabarmendu daitezke. Bi familia oso indartsuk eraiki arazi zituzten XVIII. mendean. Bitxikeria bat ere konta daiteke: leinu bien arteko liskarren ondorioz, orube nahiko desegoki batean eraiki zen parrokia (ez zuen behar bezainbesteko garaierarik eta Deba ibaitik hurbilegi zegoen), desegokia izan arren distantziakidea baitzen oinetxe biekiko. Berdetasuna nabarmentzen da, berriz, Aretxabaleta inguruetan, Elgea eta Aizkorri mendilerroetako kareharri grisetan izan ezik. Kurtzebarriko (1.146 m) gailurrak mendizale trebeenak erakartzen ditu. Mendi horrexen hegalean dago inguruan sei kilometro eta erdiko bidea duen Urkuluko urtegia. Herritarrak zein bisitariak ibiltzen dira urtegiaren inguruan eta baserri artean pasieran; lertxun hauskara eta beste hegazti batzuk ere hurbiltzen dira Urkulura, bertan ugari diren arrainek erakarrita.
Mugak: iparraldetik Arrasate, hegoaldetik Araba, ekialdetik Oñati eta mendebaldetik Araba eta Eskoriatza.
Herriko sektorerik indartsuena bigarren sektorea da.
Azalera: 26,96 km2
Herrigunearen altitudea: 244 m
ARETXABALETAKO UDALA
Arratabe jauregia, Otalora kalea, 01
20.550 Aretxabaelta (Gipuzkoa)
T.: 943 71 18 62
www.aretxabaleta.com