Herri gutxik dute, Leintz Gatzagak jarduera ekonomiko zehatz baten inguruan duen identifikazioa. Kasu honetan gatzaren industria izan da, eta jarduera horrek hiribilduaren sorrera bultzatu zuen.
Etxaustegin zegoen, baina ez dakigu zehazki non. Litekeena da, gaur egun San Juan Zahar baserria dagoen lekuan egon izana.
Baseliza hau Gatzagaingo punturik gorenenan zegoen, Venta Fria baserriaren ondoan.
Baseliza honen inguruan badago kontu bitxi bat: hegoaldeko hegaleko urak Zadorra eta Ebrotik zehar Mediterraneorako bidea egiten zuten; iparraldeko hegalekoak, berriz, Debatik zehar Kantauriar itsasora iristen ziren.
Arabako eta Gipuzkoako probintziak banatzen dituen mugarritik gertu zegoen. 1383ko ekainaren 23an monastegitik gertu, Landa eta Gatzaga herrien artean hitzarmen bat sinatu zen Iñurrietako ganaduendako larrea zela-eta.
Monastegi moduan ezagutzen badugu ere, parrokia izan zen beti; eta esan beharra dago bertan ez zela monjerik bizi izan.
Dominaga XVIII. mende hasieran eraiki zen. Udaletxearen jabetzakoa zen eta baserri-lanetatik errentak eskuratzea zuen helburu nagusi, honen erabilpena enkante edo subasta publikoan ematen zelarik.